Eskultoreak

Basterra Berástegui, Manuel

1892ko urtarrilaren 1ean Bilboko Somera kalean, 8-10 atarian, 3. solairuan jaiotako eskultore bizkaitarra. Hiri berean hil zen 1947an.

Serafin Basterra eskultorearen semea eta Higinio eskultorearen anaia txikia zen. Familiaren tailerrean ikasteaz gain Bizkaiko hiriburuko Arte eta Ofizioen Eskolan burutu zuen prestakuntza. 1894tik 1902-03 ikasturtean Modelatu arloko lehen saria jaso zuen arte izan zen han. 1902an, hogei urte zituela, Bizkaiko Foru Aldundiak eskaintzen zuen eskulturako beka apalera aurkeztu zen eta epaimahaiak aho batez hari ematea erabaki zuen. Ramon San Pelayo zen epaimahaiko presidentea eta Jose Cruceño, Vicente Larrea, Jose Garros, Fernando Galina eta Pedro Sorriguieta ziren epaimahaikideak. Aldez aurretik, bere aita batzorde horretako kide izan zen eskultura arloko sariari zegozkion oinarriak finkatzeko, Mario Camiña eta Vicente Larrearekin batera.

1902ko azaroan Madrilera mugitu zen. Bertan Oriente Plazako 7. zenbakian bizi izan zen, 3. solairuan. Dena den, ezin izan zuen ikastaro bakarrean ere matrikula egin, epez kanpo iritsi baitzen. Plaza hutsik geratu bitartean Antzinako Modelatuko eskoletara joan zen Juan Sarrio irakasleak onartuta. Hurrengo urtean Bilboko Arte eta Ofizioen Eskolara itzultzeko eskariari baiezkoa eman zitzaion, izan ere, hiriburuan oso mugatua zen eskultura arloko giroa. 1903ko martxoan Parisera jo zuen. Han La Grande Chaumière izeneko eskolan ikasi zuen. Foru Aldundiak ezarritako arauzko betekizunei jarraituz bi obra bidali zituen, bata 1904an eta bestea 1905ean. Epaimahaia Vicente Larrea, Doroteo R. Mora, Pedro de Torrontegui eta Pedro Sorriguietak osatzen zuten eta Ohorezko Kalifikazioa eman zioten.

Prestakuntza-aroa beteta, familiak Bilboko Erribera kalean zuen tailerrean hasi zen lanean. Han era guztietako erlijio-, hileta-, eta ornamentazio-gaiak landu zituen. Berehala bere izenez sinatzen zituen eskari garrantzitsuak jasotzen hasi zen. Esate baterako, Leandro Lopez Alen doktorearen monumentua. Buenos Aireseko Zarate probintzian paratzekoa. Obra horren lehen bertsioa 1909an hautsi egin zen. Hurrengo urtean amaitu zuen, idulkia barne, lau metro eta erdiko luzera zuen obra. Argentinan urte askoan bizi izan zen, han ezkondu zen eta hainbat lan burutu zituen, Hipolito Irigoyen Presidentearen laguna zelarik.

Ez dira Manolo Basterraren obra asko ezagutzen. Gainera, ez zuen zorte handirik izan lan horietako askorekin. Horrela, hark egindako zenbait lan beste batzuek egindakoak direla esaten da, esate baterako, Bilboko San Bizente elizan paratzen den La muerte del cisne (1920) erliebea, Antonio Truebaren omenez egina. Beste adibide bat Felix Garci-Arceluz (Klin Klon) idazle kostunbrista polifazetikoari egindako hilarria da, 1922an egin zena eta Bilboko Plaza Berriaren alboan kokatzen dena. Hilarriak polikromia galdu du eta oso egoera txarrean dago. Zenbait lan desmuntatu egin dira eta, ondorioz, berezko nortasuna galdu dute. Horren adibide da Jose Maria Acha (1931) futbol-jokalariari egindako monumentua, bi zatitan banatu dena. Lan horren bustoa Areatzan dago eta oinazpi eskultorikoa Leioan. Are, bere zenbait lanek istripuak izan dituzte. Adibidez, Sopuertan dagoen Cepeda txirrindulariaren omenezko hilobi-monumentuak (1935) edo egun Lezaman kokatzen den Jesus Larrazaren omenezkoak (1926). Beste batzuk sinatzeke daude. Hori da Espinosa tenienteari egindako Mausoleoaren kasua, 1935eko irailaren 25ean inauguratu zena. Azkenik, sarbide zaileko eskultura-multzoak daude, eraberritzeko premia agertzen dutenak, adibide batera, Antonio Truebaren omenezko monumentua, Montellanoko baserriaren aztarnetan (Galdames) kokatzen dena, hura izan baitzen idazlearen sorlekua.

Manuel Basterrak Artista Euskaldunen Elkartean parte hartu zuen eta Unión Arte izeneko kolektiboaren sorreran (1933) ere berea eman zuen, egile gazteenentzat erreferente izan zelarik. Ezberdintasun sintetikoarekiko zaletasun modernoa zuen eta, era berean, tradizio plastiko eta ofizioarekiko atxikimendua mantentzen zituen. Bere obra batzuen inguruan hau esan zuen Adolfo de Larrañaga poeta eta arte-kritikariak: "Dinamismoak eta estatismoak sosegua dakarte; hori da Rodinen leinuko busto honetan erabili den formula"; eta amaitzeko: "Anekdotikoa dena ez da unibertsala"; (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Bilboko Milizianoaren Umezurtzaren Egoitzaren dekorazioan parte hartu zuen beste artista batzuekin batera. 1936an Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Laguntzarako Zuzendaritza Nagusiak sustatutako ekintza horretan zenbait erliebe egin zituen berak. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzaren Justizia eta Kultura Kontseilaritzak sustatutako ekintza ezberdinetan kolaboratu zuen. Gerraosteko errepresaliak eta oinaze dezente pairatu ostean, Manuel Basterra Bilbon zendu zen 1947an, Buenos Airesera joateko bidaia bat prestatzen ari zela.